kritiken hemeroteka

4.765 kritika

Azken kritikak

« Maitasunagatik egin zuen! | Idazlearen mixeriak »

Norbait dabil sute-eskaileran / Harkaitz Cano / Susa-Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa, 2001

Poesiaz jositako polaroid mikatzak Oier Gillan / Gara, 2001-05-05

Oharkabean igaro ahal diren dardaretan ezkuta daiteke galdera bat. Begien mugimendu xume batean, ustekabeko ezpain-ikaran, poltsikoan gordetako oroitzapen batean, bizitzaren norabidea alda dezakeen keinuan, etorkizunaren haria lantzen duen hatzen dardaran… Oharkabean igaro daitezkeen dardaretan ezkuta daiteke galdera bat, eta agian haren erantzuna, interpretatzen jakinez gero.

Poesiara itzuli da Harkaitz Cano idazlea bere zazpigarren liburuan. Orain zazpi urte argitaratu zuen, hain zuzen ere, poesiaren arloan lehena. Artean narratibari eskaini dizkio argitaratutako beste liburu guztiak.
Norbait dabil sute-eskaileran poesia liburu gisa aurkeztu zaigun arren, irakurleak ez ditu hemen topatuko poesiaren ezaugarri ohikoenak. Are gehiago, liburu hau irekitzean poesia itxurazko narrazioak direla senti lezake norbaitek. Horren aurrean poesia bera askatasuna dela esan daiteke, formari dagokionez bederen, baina ez naiz lerro hauetan ildo horretatik joango. Harkaitz Canoren azken liburuko lerroek narrazio itxura nabarmena izan arren, poesiaz josirik daude.

Liburu honetan Harkaitzek New Yorkera eginiko bidaia da irudi nagusien iturria. Bidaia horren testuinguruan koka daitezke “Pasaia Blues” eleberria eta “Piano gainean gosaltzen” kronika bilduma. Lehenak sinesgarritasun handirik gabeko sentsazio hotz samarra ekarri zuen; bigarrenak planteamendu apalagoa izanik, unibertso berezi eta zehatzagoa eskeini zuen, irakurleengana gehiago gerturatuz. Norbait dabil sute-eskaileran aurreko biak osatzera dator, ziurrenik hiruen arteko emaitzarik borobilena eskainiz.

Poesia liburuak hiru zati ditu. “Sismografia” da lehena, hiruetarik agian pertsonalena. Testu bakoitza, ezkutuko kamera batez ateratako barne-polaroida dirudi, hainbat pertsonaiaren sentipenetan zehar ikusi ahal diren une izoztuak.

Poesia hauetako pertsonaiek ustekabean bizitzari egiten dizkioten keinuak irakurtzen ditu Harkaitzek zehaztasun handiz, haien barne dardaren interpretazio mikatz eta neurri berean sentitua eginez.Itxuraz garrantzirik gabekoak direla diruditen esaldietan, gertaeretan, jarreretan aurkitzen ditu gogoeta zorrotzenak. Lerro arteko ondorio eta gogoeta irekiak dira bertakoak, inperfektoak.

Liburuaren bigarren ataleko lerroetan izen propio ugari agertzen dira. Zenbaitetan beraien bizitzetan oso modu pertsonalean murgiltzen da autorea, besteetan bere esperientzia propioetan bidaiakide hartzen ditu pertsonaiok. Edonola ere, izen ospetsuak “izenik gabekoen” parean jartzen ditu sarri, erraztasun berdinaz mintzo baita Basquiat, Maiakovski zein teilatuetan lan egiten duen jendeaz.

Sute-eskailera kokaleku ezinhobea bilakatzen da pertsonaia hauentzat, izan ere, denek ihes egiten dutela gelditzen baitzaigu agerian. Harkaitzek bildu dituen gogoeta eta pertsonaiak atzeko ate horretaz mintzo dira, gure buruari aitortu nahi ez diogun guztiaz. Horren oihartzuna gerturatzen saiatzen da.

“Brooklynerako hirugarren atea” da azken atala, hiruetan agian indar gutxien duena. Atal honetan New Yorkeko bizitzaren isla xumeak eskaintzen dira egunerokotasunetik abiatuta. Hango bizimoduaren zeharkako kronikak dira.

Agian denok dugu geure buruari aitortzen ez diogun ukitu patetiko, surrealista, poetikoa. Agian New Yorken ageriagoa da alderdi gizatiar hori. Harkaitz Canok New Yorken bidez unibertsaltasunez janzten duen arren, gutaz, gizaki inperfektoez, ari da hitz egiten. Egoera limiteetan bizi direnek, barne eta kanpo dardaretan irakurtzen dute haien bizitzaren zentzua. Harkaitzen hitzetan dardara horiek senti daitezke, egoera limite horiek uste dena baino gertuago egon daitezkeela aurkitzean, bizitza txantxa beldurgarri bat izan daitekeela aurkitu eta norberak uste baino gehiagotan bizitzaren hariak ihes egiten duela ikustean.

Azken kritikak

Goizuetan bada gizon bat
Patziku Perurena

Leire Lopez Ziluaga

Laugarrenak lau
Gabriel Korta

Igor Estankona

Ipuinak. Antologia bat
Iban Zaldua

Bixente Serrano Izko

Desira desordenatuak
Askoren artean

Beñat Sarasola

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Ibon Egaña

Vikingoen sorterrira
Xabier Mendiguren

Leire Zubeldia

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Felipe Juaristi

Hor hago Kevin?
Kevin Heredia

Leire Lopez Ziluaga

Deception Island
Xabier Artola

Javier Rojo

Ihes ederra
Hedoi Etxarte / Alain M. Urrutia

Felipe Juaristi

Aldaira urdinak
Edu Zelaieta

Mikel Asurmendi

Zureak egin du
Iñaki Friera

Gema Lasarte

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Bixente Serrano Izko

Sinesmenak eta usteak
Agustin Arrieta-Urtizberea

Beñat Sarasola

Artxiboa

Uztaila 2010

Ekaina 2010

Maiatza 2010

Apirila 2010

Martxoa 2010

Otsaila 2010

Urtarrila 2010

Abendua 2009

Azaroa 2009

Urria 2009

Iraila 2009

Abuztua 2009

Hedabideak

Argia (606)

El Diario Vasco (591)

El Correo (562)

Egunkaria (503)

Berria (434)

Gara (349)

Deia (211)

El País (151)

Irunero (105)

Zeruko Argia (97)

Aizu! (79)

Hegats (62)

Besterik (1015)