kritiken hemeroteka

4.765 kritika

Azken kritikak

« Paranoiaren hipokondria | Heroi nazional bat, zoragarriro asmatua »

Euskal Herri imajinario baten alde / Santi Leone / Elkar, 2008

Euskal herria asmatu! Ion Olano / Gara, 2008-05-03

Asmatu egin du Santi Leonek (Iruñea, 1972). Nirekin bai behintzat, asmatu du, hausnarketara ekarri nau era atseginean, ez arinean. Asmatu du bere ideiak argi eta labur azaltzen, irakurlearekin konplizitatea bilatuz, haren oniritzia edo adostasuna itsuki bilatu gabe. Elkar argitaletxeak ere, esan gabe doa, Eztabaida saileko hamahirugarren zenbaki honekin asmatu duelakoan nago. Izan ere, Euskal Herri imajinario baten alde saiakera laburrarekin, kritikara eta hausnarketara eramango gaituen eztabaida bilatu du egileak. Ez da gutxi. Areago, asko da, “kritika” hitza (eta ekintza) gero eta lausoago eta ezezagunago egiten ari zaigun garaiotan.

“Euskal Herria herri asmatua da”. Esaldi hori paratu du lehenik Leonek; esaldi bat baino gehiago den perpaus horrekin hasi du bere liburua. Esaldi bat baino gehiago da, haren erabilerak izaera ugari eman dizkiolako: “argudio, oztopo, irain, ukazio, giltzarri, topiko, gaitzespen”, egilearen esanetan. Euskal Herria irudimenezkoa dela esatea hura gutxiesteko erabili izan da (eta da), eskuarki, Euskal Herria existitzen ez dela baieztatzeko. Euskal herritarrik ere ez dagoela, alegia. Esaldi gutxiesgarri horri kontra egiteko-edo, hainbatek okerreko bidea hartu dutela uste du egileak, hain zuzen ere, eztabaida okerrean sartu direlako. Herri (nahiago bada, nazio) guztiak direlako asmatuak, ez Euskal Herria bakarrik, Leonek idatzi duenez.

Historialaria da liburuaren egilea, baina hau ez da historia liburu lodi horietako bat. Aitzitik, goiz edo arratsalde edo gau bakarrean irakur daitekeen saiakera laburra da Leonerena. Sarrera iradokitzaileaz gainera, bost atal labur idatzi ditu, eta eskertzekoa iruditu zait sintesirako eta argitasunerako egin duen ahalegina. Ohikoa izaten baita idazlea itzulinguruka ibiltzea (eta harekin batera irakurlea), mintzaldi amaigabeak egitea, baina Leonek eutsi dio tentazioari. Eskertzeko moduko kontua iruditzen zait halaber (tristea da gero irakurleok eskerrak ematen ibili beharra) liburuan begi bistakoa den umore ukitua. Are gehiago gai “larri” batez ari garelarik. Ironia fina da Leonerena, errespetuz egina, sarkasmoan jausi gabe. Irakurlea ere zirikatu egiten du akuilatu gabe, egileak garbi azaltzen dio bere asmoa kritika egitea dela. “Erran nahi dut, benetan kritikatu, bertze zerbait sortzeko eta ez hona ekarri, moldatu eta errepikatzeko”.

Iragana behatzeak oraingo kontu batzuk argitzen dituela uste du Leonek, historialaria den aldetik. Baina hain zuzen ere, kritikatzen ditu historiaren manipulazio kontzientea eginez “ziurtasun absolutuak, egia eztabaidaezinak” asmatu dituztenak, alde batekoak zein bestekoak, navarristak eta Nabarraldekoak. Historia erabili egin behar da oraina hobeto ulertzeko, baina ez oraina eta geroa zuritzeko. Kontzienteki asmatutako ziurtasun absolutuak ez duelako kontuan hartzen orain bizi direnen borondatea, eta errepikatzen dut, orain. Izan ere, borondatea irudimena da, eta irudimena errealitatea. Urrunegi joan naiz akaso, baina horrelako zerbait iradoki dit Santi Leoneren liburua irakurtzeak.

Amaitzeko, aipatu nahi nuke oso egokiak iruditu zaizkidala Patxi Huarte Zaldi Eroa-k libururako egin dituen biñetak (azalean jarri duten marrazkia, ez hainbeste). Testuaren ironiarekin eta umore onarekin ederki egokitzen da, eta saiakera liburu batek a priori duen solemnitateari barre egiteko modu ona iruditu zait. Eztabaidarako idatzi duela esan du Leonek. Ea hala den (neurri batean hala da), nahiz eta zalantza dudan zenbaterainoko eztabaida piz dezakeen euskarazko liburu batek, gauzak dauden moduan. Izan ere, ez nau harritzen jendea herriak asmatzen ibiltzea.

Azken kritikak

Goizuetan bada gizon bat
Patziku Perurena

Leire Lopez Ziluaga

Laugarrenak lau
Gabriel Korta

Igor Estankona

Ipuinak. Antologia bat
Iban Zaldua

Bixente Serrano Izko

Desira desordenatuak
Askoren artean

Beñat Sarasola

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Ibon Egaña

Vikingoen sorterrira
Xabier Mendiguren

Leire Zubeldia

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Felipe Juaristi

Hor hago Kevin?
Kevin Heredia

Leire Lopez Ziluaga

Deception Island
Xabier Artola

Javier Rojo

Ihes ederra
Hedoi Etxarte / Alain M. Urrutia

Felipe Juaristi

Aldaira urdinak
Edu Zelaieta

Mikel Asurmendi

Zureak egin du
Iñaki Friera

Gema Lasarte

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Bixente Serrano Izko

Sinesmenak eta usteak
Agustin Arrieta-Urtizberea

Beñat Sarasola

Artxiboa

Uztaila 2010

Ekaina 2010

Maiatza 2010

Apirila 2010

Martxoa 2010

Otsaila 2010

Urtarrila 2010

Abendua 2009

Azaroa 2009

Urria 2009

Iraila 2009

Abuztua 2009

Hedabideak

Argia (606)

El Diario Vasco (591)

El Correo (562)

Egunkaria (503)

Berria (434)

Gara (349)

Deia (211)

El País (151)

Irunero (105)

Zeruko Argia (97)

Aizu! (79)

Hegats (62)

Besterik (1015)