kritiken hemeroteka

4.765 kritika

Azken kritikak

« Eleberri perfektua | Auster-en magia »

Sumendiaren azpian / Malcolm Lowry (Karlos del Olmo) / Elkar-Alberdania, 2008

Delirium itzela Ion Olano / Gara, 2008-09-26

Geoffrey Firmin, britainiar kontsul ohia, galbidera doa zuzen-zuzen, balantzaka. Alkoholismoak jota dago, eta perfectamente borracho ibiltzen da Mexikoko Quauhnauac hiriko kantinetan (Cuernavacan, agidanez). Begien bistan agertzen eta desagertzen zaizkio, tekila eta mezkal artean, Popocatepetl eta Ixtaccihuatl sumendiak. Azken boladan gehien desiratu duena bete den arren —Yvonne emazte ohia, alde egin ondoren, etxera itzuli da— Kontsulak ia axolagabe jokatzen du, ardura bakarra hurrengo dangada balu bezala. Alboan ditu, halaber, Jacques Laruelle adiskidea eta Hugh erdi-anaia, noiz edo noiz Yvonnerekin ibiliak bi-biak. 1938ko Defuntuen egunean gertatzen da kontakizuna: Ebroko bataila amaitzear da, Erromako Aita Santua hiltzear. Quauhnauacen, Kontsularen galbide inguruan dabiltza Yvonne aktore ohia, Laruelle zinema-zuzendari ohia, Hugh kantari ohia. Eta lau arrotz horien artean, pentagonoa osatuz, hara hor liburuko zinezko protagonista: alkohola.

Alberdaniak eta Elkarrek euskarara ekarri duten “Under the Volcano” lan hau da, zalantzarik gabe, Malcolm Lowry idazlearen (Liverpool, 1909) libururik laudatuena. Hamabi editorek errefusatu izan ei zuten, eta egun, iragan mendeko eleberri onenen artean kokatu dute zenbait adituk. Elementu autobiografiko anitz baliatu zituen Lowryk bere maisu-lana idazteko: behaketarako gaitasunari kultura ezagutza zabala gehitu, sinbolismoz jantzi, eta liburu itzela osatu zuen. Idazlana erreferentzia kultuz eta kulturalez josia dago: Dante Alighieri, Django Reinhardt, Oedipus Tyrannus (Edipo Erregea), Gerra eta Bakea, Anna Karenina… bakan batzuk aipatzearren. Horrez gain, hainbat hizkuntzen (gehienbat gazteleraren) agerpenak indartu egiten du testuaren arrarotasuna eta aberastasuna. Bestalde, idazlanean agertzen diren Kontsularen haluzinazioak, dardarizoak eta eldarnioak ez dira itsuan asmatuak, nabari zaie esperientziaren usaina, idazlea bera alkoholikoa izaki.

Lan erraldoia egin du, estimatzekoa benetan, “Under the Volcano” eleberriarekin ausartu den Karlos del Olmo itzultzaileak. Hitzaurrean aitortu duenez, “oztopo harriz betetako jardunaldi infernuzkoa” gertatu zaio, besteak beste sintaxiaren eraikuntza bereziagatik, eta hitz arrotz zein asmatuengatik. Baina nekeak neke, ale benetan txukuna erantsi dio Literatura Unibertsala bildumari. Izan ere, “Sumendiaren azpian” lan aparta da, baita literatur teknikaren aldetik ere. Hamabi atalek banatzen dute liburua. Mantso hasten da, irakurle presatiren bat uxatzeko adina, baina ibilian-ibilian, prosa dotore eta bizian eramaten du irakurketa. Narratzaile orojakileak pertsonaien ibilerak jarraitzen ditu, nahiko modu bitxian, kontakizunari ederki egokitzen zaion moldean, alegia. Pausatu egiten da zerbait deskribatzeko, edo atzera egin gogoratzeko. Yvonneren, Hughen, Laruelleren baina batez ere Geoffreyren kontzientzia jarioak tartekatzen ditu prosa poetikoarekin, oroitzapen flashekin, elkarrizketa hautsiekin, eldarnio alkoholikoekin, filmeez edo boxeo borrokez mintzo diren hormirudiekin, irudi sinbolikoekin. Galbideko zirimola narratiboak gaindituz, narratzaileak tinko eusten dio estiloari, eta eskuak ez dio dardarizorik egiten. Irakurketak eraman berezia eskatzen du, eta tarteka nahasmena eta zorabioa ekar ditzakeen arren, esker onekoa da irakurle eramankorrekin.

Azken kritikak

Goizuetan bada gizon bat
Patziku Perurena

Leire Lopez Ziluaga

Laugarrenak lau
Gabriel Korta

Igor Estankona

Ipuinak. Antologia bat
Iban Zaldua

Bixente Serrano Izko

Desira desordenatuak
Askoren artean

Beñat Sarasola

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Ibon Egaña

Vikingoen sorterrira
Xabier Mendiguren

Leire Zubeldia

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Felipe Juaristi

Hor hago Kevin?
Kevin Heredia

Leire Lopez Ziluaga

Deception Island
Xabier Artola

Javier Rojo

Ihes ederra
Hedoi Etxarte / Alain M. Urrutia

Felipe Juaristi

Aldaira urdinak
Edu Zelaieta

Mikel Asurmendi

Zureak egin du
Iñaki Friera

Gema Lasarte

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Bixente Serrano Izko

Sinesmenak eta usteak
Agustin Arrieta-Urtizberea

Beñat Sarasola

Artxiboa

Uztaila 2010

Ekaina 2010

Maiatza 2010

Apirila 2010

Martxoa 2010

Otsaila 2010

Urtarrila 2010

Abendua 2009

Azaroa 2009

Urria 2009

Iraila 2009

Abuztua 2009

Hedabideak

Argia (606)

El Diario Vasco (591)

El Correo (562)

Egunkaria (503)

Berria (434)

Gara (349)

Deia (211)

El País (151)

Irunero (105)

Zeruko Argia (97)

Aizu! (79)

Hegats (62)

Besterik (1015)