kritiken hemeroteka

4.765 kritika

Azken kritikak

« Minimalismo poetikoa | Ero »

Azken anaia / Nathacha Appanah (Mikel Garmendia) / Alberdania, 2008

Exorzismo literatura? Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-11-30

Atentzioa eman dit zer arrakasta lortzen duten mendebaldeko gizarte heldu eta zahartu hauetan haurren begiradetan oinarrituriko narrazioek.

Adin batetik gorakook, eta batik bat frankismo pean hazi ginenok, ongi ere ongi dugu memorian iltzaturik film genero izatera heldu zen harako fenomeno zinematografiko hura, haur protagonista zuten film sentibera eta negar egingarri (negargarri ere gehienetan) haiek. Aitortu behar dut hezkuntza hark sortu zidala gero aurreiritzi eta atzerakuntza halakoa, haurrak narratzaile edo protagonistatzat hartzen dituzten narrazioen aurrean.

Ez nuke nahi, halere, inpresio faltsurik eman: alegia, hizpide dudan gaurko narrazio honek hartako harekin zerikusirik duelako inpresio faltsua. Alderantziz, hemen nauzun irakurle hau nolabaiteko hezkuntza berriro jasotzen dagoela azpimarratu nahi dut. Haietan, hain zuzen, gehien-gehienak haurrei beraiei eta gurasoentzat izateaz gain, mundua ez zen ikusten haurren begiradetatik, baizik eta helduenetatik, eta asmo batekin: amesturiko haurtzaro baten samurkerietan murgil eta oinarri zedin gizarte moldagarri bat, zurien balio kristau eta tradizionalen gainean eraiki nahi zuten gizarte erabilerraz hura. Gaurko hauetan, hizpide dudan Nathacha Appanahen Azken anaia kasu, haurren begietatik ikusiriko mundu bat agertzen zaigu, haurren begietatik ikusiriko mundu heldua, helduona, preseski samurra ez dena, helduok askotan higuingarri egin dugun mundu hau. Obra irakurterrazak dira gaurkoak ere, sentiberatasun eta sentimentalismoei ere irekiak, eta hori nahikoa arrazoi izan daiteke haien arrakasta ulertzeko. Baina baliteke bertze arrazoi sakonagorik ere izatea tartean: zer-nolako mundua eraiki duen gizarte “zibilizatu” honek, bazterkeria eta sarraskiak zientifikoki gauzatu nahi izan dituen mundu bat, alegia, haren etorkizuna bera ere arriskuan jartzeraino; hau da, etorkizunaren kezkek zerikusirik izan dezakete, zertarako, eta irakurleek ikusi nahi dezaten mundu konpreniezin hau, baina ikusi nondik, eta haurren begiradetatik, hain zuzen ere ulermena heldu gabe duten haurrengandik, arriskuan dagoen etorkizun promesa horietatik. Halako exorzismo saio bat, harri aroetako Venus haien antzekoa, ezbaiko etorkizuna ikusten zaion mundu baten beldur?

Harrigarriak dira paralelismoak eta kontrasteak Appanahen Azken anaia eta John Boyneren Pijama marradunaz jantzitako mutikoa narrazioen artean. Bietan haur bana protagonista, bietan preso dagoen bertze mutiko judu banarekin harremanetan jarri eta elkarren adiskidetasun sakona nozitzen duten protagonista bana, bietan gauzak ulertzeko inolako prestutasunik ez duten haur begiradak. Guztiz bertzelakoa da gero non garatu den adiskidetasun hori Appanahen narrazioan. Guztiz desberdina ere lekua, exotikoagoa Azken anaia nobelarena, Maurizio uhartea, europarroi Indiako Ozeanoko ur urrutietan galdurik suertatzen zaigun leku kolonial eta multikultural bat. Egilea hor jaio zen, eta Frantzian dihardu idazle, frantsesez jakina, eta gai da, bereziki, urrutiko mundu hura gure hemengo gizarte kezkati baten begiradatik erakusteko.

Mutiko bat da, bai, protagonista, baina zahartzarotik kontatzen dizkigu gauzak, helduon eskarmentutik, narrazioaren zertzeladak gertatu zirenetik hirurogei urte pasatu eta gero. Hori bai, zahartzarotik egindako gogoeta batzuk salbu, haurtzaroan kokaturiko begietatik.

Estilo soil batean, hunkigarria da beti ere kontakizuna, eta zer pentsatu ematen dio leitu ez ezik hausnartu ere nahi duen irakurleari.

Azken kritikak

Goizuetan bada gizon bat
Patziku Perurena

Leire Lopez Ziluaga

Laugarrenak lau
Gabriel Korta

Igor Estankona

Ipuinak. Antologia bat
Iban Zaldua

Bixente Serrano Izko

Desira desordenatuak
Askoren artean

Beñat Sarasola

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Ibon Egaña

Vikingoen sorterrira
Xabier Mendiguren

Leire Zubeldia

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Felipe Juaristi

Hor hago Kevin?
Kevin Heredia

Leire Lopez Ziluaga

Deception Island
Xabier Artola

Javier Rojo

Ihes ederra
Hedoi Etxarte / Alain M. Urrutia

Felipe Juaristi

Aldaira urdinak
Edu Zelaieta

Mikel Asurmendi

Zureak egin du
Iñaki Friera

Gema Lasarte

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Bixente Serrano Izko

Sinesmenak eta usteak
Agustin Arrieta-Urtizberea

Beñat Sarasola

Artxiboa

Uztaila 2010

Ekaina 2010

Maiatza 2010

Apirila 2010

Martxoa 2010

Otsaila 2010

Urtarrila 2010

Abendua 2009

Azaroa 2009

Urria 2009

Iraila 2009

Abuztua 2009

Hedabideak

Argia (606)

El Diario Vasco (591)

El Correo (562)

Egunkaria (503)

Berria (434)

Gara (349)

Deia (211)

El País (151)

Irunero (105)

Zeruko Argia (97)

Aizu! (79)

Hegats (62)

Besterik (1015)