kritiken hemeroteka

4.765 kritika

Azken kritikak

« Lazoak | Hitzen eta irudien artean »

Ilargi-harria / Wilkie Collins (Antton Olano) / Alberdania-Elkar, 2008

Diamantearen misterioa Javier Rojo / El Correo, 2009-01-03

Wilkie Collins idazle ingelesaren nobelarik ezagunenaren euskal bertsioa argitaratu berri da, Ilargi-harria izenburupean. 1868an argitaratu zen lehen aldiz, eta lehenengo detektibe-nobela izateko ospea du literaturaren historian. Argumentua honelaxe labur daiteke: Rachel Verinder andereñoak opari berezi bat jaso du bere urtebetetze egunean, Ilargi-harria izeneko diamante ezaguna. Horrelako harriekin gertatu ohi den bezala, elezahar beltza du atzean harri distiratsuak eta urtebetetze gauean bertan desagertu egiten da, norbaitek lapurtuta. Diamantea agertu ez, eta, handik denbora batera, Franklin Blakek, Rachelen lehengusu eta berari diamantea emateko mandatua zuenak, lapurreta argitzeko asmoz erabakitzen du urtebetetze egunaren inguruan gertatutakoak kontatzea, baina bere oroimena eta ikuspuntua nahikoa ez direlarik, egun haietan desagertze hartaz zerbait jakin zezaketen pertsonaiei eskatzen die kontaera egitea, nork bere ikuspuntutik. Irakurleari aurkezten zaion testua pertsonaia bakoitzak egindako kontaerak osatzen du. Beraz, istorio bakarra den arren, pertsonaiek gertakari bakarraren inguruan dituzten ikuspuntu desberdinak biltzen ditu nobelak. Irakurleak poliki-poliki izango du misterioaren berri, eta misterioa puntu gorenean dagoenean, misterioaren azalpena ere jakingo du.

Argumentua interesgarria izan daiteke, baina liburu honetan benetan interesa pizten duena da kontaera desberdinak bata bestearen atzetik agertzea, pertsonaia bakoitzak bere izaera baitu eta, izaerarekin batera, hitz egiteko eta kontatzeko moldea. Horrela, Gabriel Betteredge etxezaina ezagutuko dugu, ingeles maiordomo peto-petoa (hemen, maiordomo hiltzailerik ez badago ere), “Robinson Crusoe”ren barruan edozein arazori erantzunak bilatzen dizkiona Biblia izango balitz bezala, bitartean, bere kontaera bigarren mailako txutxumutxuetan galtzen delarik. Clack andereñoa ere ezagutuko dugu, moral estuko neska zaharra bihurtzeko bidean dagoen pertsonaia, beste guztiak federa erakarri nahi dituena, besteen aldetik destaina besterik jasotzen ez duelarik. Eta horiek bezala, Cuff inspektorea, Franklin Blake bera eta Mathew Bruff abokatua agertuko zaizkigu istorioaz dakitena kontatzen.

Pertsonaia bakoitza bere estiloa da, eta estilo mosaiko honekin, gizarte baten deskribapen ironikoa utzi digu idazleak, Antton Olanoren itzulpenean ondo baino hobeto islatua geratu dena.

Azken kritikak

Goizuetan bada gizon bat
Patziku Perurena

Leire Lopez Ziluaga

Laugarrenak lau
Gabriel Korta

Igor Estankona

Ipuinak. Antologia bat
Iban Zaldua

Bixente Serrano Izko

Desira desordenatuak
Askoren artean

Beñat Sarasola

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Ibon Egaña

Vikingoen sorterrira
Xabier Mendiguren

Leire Zubeldia

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Felipe Juaristi

Hor hago Kevin?
Kevin Heredia

Leire Lopez Ziluaga

Deception Island
Xabier Artola

Javier Rojo

Ihes ederra
Hedoi Etxarte / Alain M. Urrutia

Felipe Juaristi

Aldaira urdinak
Edu Zelaieta

Mikel Asurmendi

Zureak egin du
Iñaki Friera

Gema Lasarte

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Bixente Serrano Izko

Sinesmenak eta usteak
Agustin Arrieta-Urtizberea

Beñat Sarasola

Artxiboa

Uztaila 2010

Ekaina 2010

Maiatza 2010

Apirila 2010

Martxoa 2010

Otsaila 2010

Urtarrila 2010

Abendua 2009

Azaroa 2009

Urria 2009

Iraila 2009

Abuztua 2009

Hedabideak

Argia (606)

El Diario Vasco (591)

El Correo (562)

Egunkaria (503)

Berria (434)

Gara (349)

Deia (211)

El País (151)

Irunero (105)

Zeruko Argia (97)

Aizu! (79)

Hegats (62)

Besterik (1015)