kritiken hemeroteka

4.765 kritika

Azken kritikak

« Bizitza bera neke | Garagardoa, elurra, hutsuneak, oihartzunak… »

Violet Park-en bidetik / Jenny Valentine (Iñigo Errasti) / Alberdania, 2008

Errautsak bidelagun Mikel Ayerbe / Berria, 2009-01-18

Violet Park hilik dago eta haren errautsak gordetzen dituen kutxak hamazortzi hilabete baino gehiago daramatza taxi bulego bateko apalategian abandonaturik. Norbaitek taxi batean ahaztuta utzi zuenetik, hain zuzen. Baina egun batean, kasualitatez, hamasei urteko Lucas Swain londrestarrak begiz joko du kutxa eta errautsak bereganatzeko bulkada sentituko du. Egun batzuk geroago eta amonarekin prestaturiko azpijoko bati esker, Lucasek beretzat hartuko du Violet gordetzen duen errauts kutxa, bien artean halako lotura berezi bati hasiera emanaz. Lotura hori, ordea, are bereziago bilakatuko da Lucas protagonistak jakiten duenean Violet Park zena eta bere aita, zeinak urte batzuk aurrerago emaztea eta hiru seme-alabak abandonatu zituen (txikiena artean jaio gabe zegoela) ezagutu egiten zirela. Liburuko pasarte batean honela dio Lucasek, abandonatu zituen aitaren argazkiaren eta Violeten errauts kutxaren aurrean: “elkarren ondoan zeuden: bata, oso-osoan ezagutzen genuela pentsatzen genuena, non zegoen (edo ez zegoen) izan ezik; bestea, inondik ere ezagutzen ez genuena, hilik eta amonaren etxean zegoela izan ezik”. Azalpenik gabe desagerturikoa eta ezustean agerturikoa elkarren osagarri bihurturik.

Baina hori Jenny Valentine idazle britainiarraren Violet Park-en bidetik liburuaren hasiera besterik ez da, gertaerak eta egoerak bitxiki korapilatzen baitira orriek aurrera egiten duten neurrian. Bereziak dira ere, nolabait, kontakizuna eten eta protagonista narratzaileak txertatzen dituen bestelako kontamolde-teknikak: zerrendak, asmakeriak, eszena batetik abiatuz bere familia-kideen deskribapen osatu eta egokiak, kausa eta ondorioen arteko erreakzio kateen aukera ezberdinak. Gainera, guztia modu ez hain tolesgabean kontatua, arreba edo amarekin dituen harreman gatazkatsuak kasu. Azken batean, nerabezaroaren azken eta ondorioz, helduaroaren aurreneko urratsak egiten ikasten ari baita Lucas, eta horretarako ezinbestekoa du aitaren gertaera bere horretan ulertzea. Ulertzeko, baina, aurrena zer gertatu zen jakin behar. Harrigarriki, Violet Parken errautsen laguntza beharrezkoa izango da bide luze horretan. Une jakin batean gogoeta hau egingo du Lucasek, liburuan jasaten duen iniziazio-garapenaren adierazgarri: “Horixe da, itxura denez, hasten garenean egiten duguna: nahiko ez genukeen gauzei aurre egin eta onartu inor ez dela izaten guk uste dugun modukoa, askotan ezta antzekoa ere”.

Gazteen artean arrakasta izan dezakeen liburu batek izan ditzakeen osagai ia guztiak biltzen dira Violet Park-en bidetik horretan: gaur egun gori-gorian dauden gaiak (adopzioa, eutanasia…); familia arazo gatazkatsuak (guraso eta seme-alaben artekoak bereziki); lehenengo amodioa (narrazioan pisu gehiegirik ez badu ere), intriga, umorea, argumentuaren bilakaera ustekabekoak eta nola ez, apoteosikoa izan gabe ere, filmetako amaierei asko zor dien bukaera. Eta hain zuzen, osagai horiekin guztiekin bete-betean asmatzea da liburu hau edozein irakurlerentzat gomendagarria izatearen arrazoi nagusia.

Iñigo Errasti itzultzailea arduratu da nobela euskaratzeaz eta bitxitasun modura, aipatu egin behar euskarazko itzulpena gaztelerazkoa baino lehen iritsi dela. Hori horrela, Alberdaniak atzerriko liburu arrakastatsuak itzultzeko erronkari gogor eusten diola esan daiteke, Jenny Valentinek Guardian Children´s Fiction saria jaso baitzuen 2007an kaleratu zuen Finding Violet Park honekin. Eta egun euskaraz horren egoki eta ondo irakurtzeko modua izatea, ez da ez aukera makala.

Azken kritikak

Goizuetan bada gizon bat
Patziku Perurena

Leire Lopez Ziluaga

Laugarrenak lau
Gabriel Korta

Igor Estankona

Ipuinak. Antologia bat
Iban Zaldua

Bixente Serrano Izko

Desira desordenatuak
Askoren artean

Beñat Sarasola

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Ibon Egaña

Vikingoen sorterrira
Xabier Mendiguren

Leire Zubeldia

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Felipe Juaristi

Hor hago Kevin?
Kevin Heredia

Leire Lopez Ziluaga

Deception Island
Xabier Artola

Javier Rojo

Ihes ederra
Hedoi Etxarte / Alain M. Urrutia

Felipe Juaristi

Aldaira urdinak
Edu Zelaieta

Mikel Asurmendi

Zureak egin du
Iñaki Friera

Gema Lasarte

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Bixente Serrano Izko

Sinesmenak eta usteak
Agustin Arrieta-Urtizberea

Beñat Sarasola

Artxiboa

Uztaila 2010

Ekaina 2010

Maiatza 2010

Apirila 2010

Martxoa 2010

Otsaila 2010

Urtarrila 2010

Abendua 2009

Azaroa 2009

Urria 2009

Iraila 2009

Abuztua 2009

Hedabideak

Argia (606)

El Diario Vasco (591)

El Correo (562)

Egunkaria (503)

Berria (434)

Gara (349)

Deia (211)

El País (151)

Irunero (105)

Zeruko Argia (97)

Aizu! (79)

Hegats (62)

Besterik (1015)