kritiken hemeroteka

4.765 kritika

Azken kritikak

« Erran ezina ere mintzo | Bizitza bera neke »

Ilargi-harria / Wilkie Collins (Antton Olano) / Alberdania-Elkar, 2008

Ez da posible Ander Arana / Diario de Noticias, 2009-01-13

Luzaz itxoin behar izan dugu ingelesez idatzitako lehen detektibe-eleberria, T.S. Ellioten esanetan lehena izateaz gainera luzeena eta onena ere badena, euskaraz irakurri ahal izateko. Wilkie Collinsek arrakasta handia izan zuen hemeretzigarren mendearen amaieran, Charles Dickens bere lagunaren All the Year Round aldizkarian Ilargi-harria emanaldika argitaratu zuenean. Gero, lagunaren itzala luzeegia zelako-edo, lausotu egin zen Collinsen figura, harik eta Borgesek, bere literaturan eragin handia izan zuela aitortzean, haren obra ahazmenetik atera zuen arte. Hain handia izan zen orduko arrakasta non Collinsek, erreuma-atakeek eragindako oinazeak gorabehera, bere idazkariari astero-astero diktatu behar izaten baitzion kasuan kasuko kapitulua, irakurleak umezurtz ez uztearren. Antza denez, bere betiko idazkariaren ordez beste bat hartu behar izan zuen, zeinari espresuki agindu baitzion oinazeak eragindako oihuei kasurik ere ez egiteko eta berak diktatutakoa zintzo kopiatzeko. Orduan hasi zen Wilkie Collins laudanoa baliatzen mina arintzeko, opiozale bihurtzeraino. Opioarekiko mendekotasun hori Ilargi-harria eleberrian ere azaltzen da; izan ere, istorioaren narratzaileetako bat, Collinsen alter ego Ezra Jennings, minbiziak sortutako oinazeak arintzeko laudanoaz baliatzen da, eta laudanoaren eraginpean izandako esperientzia hori izango da, hain zuzen ere, istorioaren korapiloa askatzeko giltza, Collinsek korapilo askaezina proposatzen digulako eleberrian: Indian ostutako harribitxi baliotsu bat eman diote opari Rachel Verinder gazteari bere hemezortzigarren urtebetetze-egunean; gau horretan bertan, ordea, desagertu egin da harribitxia, eta inork ere ezin du asmatu nola, ezta Cuff sarjentu ospetsuak ere. Halatan, misterioa ez da argituko harik eta Ezra Jenningsek —alegia, Wilkie Collinsek— denak txundituta utziko dituen esperimentu bat egin arte laudanoa baliatuta. Ez da posible, ezin liteke.

Istorioa kontatzeko Collinsek hautatutako narratzaile gehienak dira txirene samarrak, ez bakarrik Jennings. Halatan, Betteredge zerbitzari leiala, zeinak gertatzen den guztiaren argi bila jotzen baitu Robinson Crusoe irakurtzera, itsututa dauka bere nagusiarenganako mirespenak; Clarck andereñoa itsututa dauka, barregarri gertatzeraino, bere fede neurrigabeak, eta familiaren abokatu Bruff jauna, berriz, itsututa dauka gertakarien logikatik haratago joan ezinak.

Wilkie Collinsek, diotenez, ika-mika ugari izan zuen argitaratzaileekin, testuen zuzentasuna dela-eta eginiko akatsengatik. Literatura Unibertsala bildumako 139. ale hau esku artean hartzeko aukera izan balu eskertu egingo zukeen, seguru asko, bere lan mardul hau gurea bezalako hizkuntza txiki batera itzultzeko egin den ahalegin handia, ez baita ahaztu behar Vitoria-Gasteiz itzulpen lehiaketako 2008ko saridun Antton Olanok lau urte behar izan dituela Ilargi-harria euskaratzeko, besteak beste hasieran eginiko itzulpenarekin pozik gelditu ez eta osorik berritzuli zuelako. Baina haserretu ere egingo zen, seguru asko, zazpiehundik gora orrialdeko edizio honetan itzuritako akatsak ikusita: paragraforen bat errepikaturik dago, tekleatzean eginiko akats batzuk ageri dira han-hemenka, inkoherentzia eta gramatikako kontu ttiki batzuk ere bai… Pena da Ilargi-harriaren moduko istorio harrigarri batek bere sareetan harrapatuta zauzkanean gozamen hori halako gauza txikiekin zapuztea. Ez da posible, ezin liteke.

Azken kritikak

Goizuetan bada gizon bat
Patziku Perurena

Leire Lopez Ziluaga

Laugarrenak lau
Gabriel Korta

Igor Estankona

Ipuinak. Antologia bat
Iban Zaldua

Bixente Serrano Izko

Desira desordenatuak
Askoren artean

Beñat Sarasola

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Ibon Egaña

Vikingoen sorterrira
Xabier Mendiguren

Leire Zubeldia

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Felipe Juaristi

Hor hago Kevin?
Kevin Heredia

Leire Lopez Ziluaga

Deception Island
Xabier Artola

Javier Rojo

Ihes ederra
Hedoi Etxarte / Alain M. Urrutia

Felipe Juaristi

Aldaira urdinak
Edu Zelaieta

Mikel Asurmendi

Zureak egin du
Iñaki Friera

Gema Lasarte

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Bixente Serrano Izko

Sinesmenak eta usteak
Agustin Arrieta-Urtizberea

Beñat Sarasola

Artxiboa

Uztaila 2010

Ekaina 2010

Maiatza 2010

Apirila 2010

Martxoa 2010

Otsaila 2010

Urtarrila 2010

Abendua 2009

Azaroa 2009

Urria 2009

Iraila 2009

Abuztua 2009

Hedabideak

Argia (606)

El Diario Vasco (591)

El Correo (562)

Egunkaria (503)

Berria (434)

Gara (349)

Deia (211)

El País (151)

Irunero (105)

Zeruko Argia (97)

Aizu! (79)

Hegats (62)

Besterik (1015)