kritiken hemeroteka

4.765 kritika

Azken kritikak

« Egia dio | Adopzioa »

Bilbao-New York-Bilbao / Kirmen Uribe / Elkar, 2008

Bilbao-New York-Bilbao aire-bidaiak ez nau ase Mikel Asurmendi / Irunero, 2009-02

Kirmen Uribe poetaren lehen eleberria itxaron zuten literatur bazka zaleek. Eleberriaz kritikariek esan zezaketenaren aiduru egon dira ere —literatur mintzalekuetan— belarriak zabalik eta zoliak dituztenak; literaturaz bazkatzen naizen neroni ere barne.

Neronek, idazki inpresionistak marrazten dituen honek, tranpa egiten dut. Hots, gustuko bazkari buruzko lerroak baino ez ditut inprimatzen eskuarki. Literatur mentura zale koldarra baino ez nauzue, hara.

Uribe poeta aipatu dut. Izan ere, Kirmen liburu bakarreko idazle izan dugu orain gutxi arte. Orain eleberrigile izateko urratsa eman du. Kirmen aipatu dut. Ez naiz bere laguna, lizentzia handiegia hartu ote dut. Alabaina, Kirmen eleberrigile izan aitzin pertsonaia publikoa bihurtu zuten —edo berak utzi du bere burua bihurtzen— literaturaren mintzalekuetan bazka bilatzen dutenak. Malo!

Bitartean heldu eskutik poesia liburua literatur garai honetako ikurra bihurtu zen/da. Laster hamarkada bat beteko du sortu zuela, garai honetako poesiaren ahotsa ekarri zuen egileak. Poeta bezala, besterik idatzi ez izana —agian idatzi du, baina ez du argitaratu—, Kirmen Uribe poeta osatu gabea bezala gelditu izana begitandu zait. Ahotsa aurkitu zuen, baina hitza falta balitzaio legez.

Bien bitartean, eta handik hamar urtera, Bilbao-New York-Bilbao eleberriarekin porturatu zaigu. Liburuaren azalean ageri den “Dos amigos” itsasontziak alabaina ez du itsas porturik aurkitu. Aitzitik, airetiko portuetan ibili eta galdu da. Galdu da ontzia, galdu da kapitaina eta galdu da tripulazioa. Edo nik neronek ez dut itsasontzia aurkitu behintzat.

“Arrainek eta zuhaitzek elkarren antza dute” hasi da narratzen idazle kapitaina. Hor dago liburuaren haria eta tonua nik uste. Baina poetak ez du hauteman narratzailearen ahotsa. Narratzaileak, poetak ez bezala, ahotsaren eta hariaren jabe izateaz gain, gidoia landu behar baitu eta narrazioa ehundu.

Eleberriarenak egin du —ez Kirmen Uriberen honek—. Hala diote literatur mintzalekuetan bazkatzen direnek, edo batzuek behintzat. Eta Uriberenak arrazoia eman die neurri batean. Eleberri honen ahotsa poetaren ahotsa da, baina ez du balio nobela gauzatzeko. Eleberriaren narrazioa egunerokoetan entzuten eta izkiriatzen diren hitzez ehundu du egileak.

Eguneroko hitzak mugatuak dira, oso mugatuak errealitatea kontatzeko. Fikzioa omen da errealitatera eta egiara gehien hurbiltzen dena. Kirmen Uribek kontatu dizkigunak benetakoak dira, baina nork kontatu dizkigu? Pertsonak edota —literatur mintzaleku batzuetan— gura duten pertsonaiak?

Kirmen Uribek, eleberrigile bilakatu ostean, idatzi izan balu Bilbao-New York-Bilbao, balekoa litzateke. Eta balekoa da, balekoa Kirmen Uribe pertsonaia ezagutu nahi duenentzat.

Nik, ele berrien gosez, ezagutu nahi dudan eleberrigilea, gerra osteko Ondarroako portua kontatuko diguna da: Franco ankerra hil zorian zegoela, Uriberen arreba gaixoren gelaraino sartu ziren “sardinzarrek” jaurti zituzten irainak deskribatuko dizkidana. Edota herri honen “askatzaileek” Ertzaintzaren koartelaren aurka erasoaren ostean, muturbeltzek eta herritarrek oro bat sentitu zuten laborria deskribatuko didana. Hots, itsas deserri honi buruzko historia nobelatua eskainiko didana.

Nobelako Foister Walace-ren hitzak ditut gogoan: “Literatur onak korapilo bat sortzen dizu urdailean”. Bilbao-New York-Bilbao aire-bidaiak ez nau ase. Bitartean, Kirmen poetaren bidaia ez dadila amaitu eta Uribe eleberrigile jaiotzea desiratzen diot idazleari.

Azken kritikak

Goizuetan bada gizon bat
Patziku Perurena

Leire Lopez Ziluaga

Laugarrenak lau
Gabriel Korta

Igor Estankona

Ipuinak. Antologia bat
Iban Zaldua

Bixente Serrano Izko

Desira desordenatuak
Askoren artean

Beñat Sarasola

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Ibon Egaña

Vikingoen sorterrira
Xabier Mendiguren

Leire Zubeldia

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Felipe Juaristi

Hor hago Kevin?
Kevin Heredia

Leire Lopez Ziluaga

Deception Island
Xabier Artola

Javier Rojo

Ihes ederra
Hedoi Etxarte / Alain M. Urrutia

Felipe Juaristi

Aldaira urdinak
Edu Zelaieta

Mikel Asurmendi

Zureak egin du
Iñaki Friera

Gema Lasarte

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Bixente Serrano Izko

Sinesmenak eta usteak
Agustin Arrieta-Urtizberea

Beñat Sarasola

Artxiboa

Uztaila 2010

Ekaina 2010

Maiatza 2010

Apirila 2010

Martxoa 2010

Otsaila 2010

Urtarrila 2010

Abendua 2009

Azaroa 2009

Urria 2009

Iraila 2009

Abuztua 2009

Hedabideak

Argia (606)

El Diario Vasco (591)

El Correo (562)

Egunkaria (503)

Berria (434)

Gara (349)

Deia (211)

El País (151)

Irunero (105)

Zeruko Argia (97)

Aizu! (79)

Hegats (62)

Besterik (1015)