kritiken hemeroteka

4.765 kritika

Azken kritikak

« Zinea eta literatura | Pertsonon bitasunaren mirail naturala »

Belarra kantari / Doris Lessing (Koro Navarro) / Elkar, 2008

Mary eta bere zirkunstantziak Beñat Sarasola / Berria, 2009-03-08

Ohitura bihurtu da honezkero urtero-urtero Jokin Zaitegi bekari esker Elkarrek publikatzen duen liburua. Azkeneko Nobel saridunaren obra bat itzultzeko aurkezten diren lagin guztien artean onena aukeratu eta, hilabete batzuen buruan, liburuaren euskarazko itzulpena osoki plazaratzen da. Horrelaxe kaleratu zen pasa den urte amaieran Doris Lessing 2007ko Nobel saridunaren estreinako nobela, The Grass is Singing (Belarra kantari), Koro Navarroren itzulpenaz. Nobela hau da, The Golden Book-ekin batera, seguruenik, Lessingen liburu famatuena.

Hegoafrikako egunkari batean agertutako albiste labur batekin hasten da kontakizuna, zeinak Mary Turnerren erailketaren berri ematen baitu. Nobela hasi eta badakigu, hortaz, nola bukatuko den. Gainontzeko guztia falta zaigu ordea: zergatik?, nola?, zertarako?, noren eta zeren erruz?…

Mary protagonistaren bizitza da, gisa honetan, nobela honetan aurkitzen dena, etxeko morroi Mosesen eskuetan hiltzen den arteko bizitza. Hegoafrikan bertan jaiotako zuria, senitarte etsigarri samarra bizi izan zuen Maryk; aita mozkortia, haserre betean bizi zen ama, anaia eta arreba bana gazte zendutakoak… Bere amaren antzera, Mary gaztetatik da emakume bakarti samarra, baina Dick Turnerrekin ezkondu eta honen landetxera bizitzera joaten denetik, ezarian, geroz eta bere baitara bilduago aurkitzen da. Nobelak, beraz, Maryren amiltze psikologikoa kontatzen du nolabait, egiantza handiz kontatu ere.

Izan ere, zenbait kritikariren iritziz, Lessingek, autore modernista askok bezalatsu (Franz Kafka, Samuel Beckett…), gizaki modernoaren “identitate krisia” edo “segurtasun eza ontologikoa” islatzen du honetan. Bere berezitasun nagusietako bat, baina, krisi hori testuinguru soziopolitikoarekin hertsiki lotzen duena da. Alegia, Maryren zorigaitza bere haurtzaroaren eta Hegoafrikako gizarte egoeraren ondorio legez agertzen da funtsean, testuinguru horrek Mary nola zapaltzen duen zehazki seinalatuz. Aspektu honetan ere bereizten da, orobat, J.M Coetzeren Lotsaizuna-tik, zeinak gutxi gorabehera testuinguru geografiko eta soziologiko antzekoan kokatzen baita (Belarra kantari liburua apartheid aurreko Hegoafrika da; Lotsaizuna, berriz, apartheid ondorengoa). Ez da kasualitatea, bidenabar, Lessing ideologikoki urte dezentetan —liburu hau idatzi bitartean, esaterako— komunismotik oso hurbil ibili izana. Hori dela eta, Belarra kantari XIX. mendeko nobela errealistarekin (Walter Scottetik Balzaceraino) lot daiteke, hots, hain zuzen ere, determinismo sozial hau ezin argiago adierazten duen nobelagintzarekin. Hala, nobela Maryren psikologia gatazkatsuan kokatuta egonagatik, parada ederra eskaintzen du Hegoafrika kolonizatua ezagutzeko. XX. mende erdialdeko Hegoafrikako botere harremanak ñabardura guztiekin azaltzen zaizkigu: zurien tirania beltzen gainean, zurien arteko borroka aberastasuna pilatzeko, metropoliko “aurrerazalearen” zinismoa (Tony Marston) eta abar. Harreman hauetan, gainera, sexuak garrantzi berezia hartzen du, batez ere liburuaren azken partean, Maryren amiltzea ulertzeko klabe bat gehiago eskainiz. Horregatik, ez da harritzekoa liburu hau (eta Doris Lessingen obra oro har), cultural studies izeneko literatur ikerketentzako bazka ezin hobea izatea, bidea irekitzen duelako istorioa aztertzeko, genero, arraza, botere harreman edo sexuaren prismaren pean.

Doris Lessingen ondoren, Jean-Marie Le Cleziori egokitu zaio 2008ko Literatur Nobel saria. Ondo bidean, urtean hondarrean izango dugu Le Clezioren Désert (Basamortua) euskaratuta.

Azken kritikak

Goizuetan bada gizon bat
Patziku Perurena

Leire Lopez Ziluaga

Laugarrenak lau
Gabriel Korta

Igor Estankona

Ipuinak. Antologia bat
Iban Zaldua

Bixente Serrano Izko

Desira desordenatuak
Askoren artean

Beñat Sarasola

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Ibon Egaña

Vikingoen sorterrira
Xabier Mendiguren

Leire Zubeldia

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Felipe Juaristi

Hor hago Kevin?
Kevin Heredia

Leire Lopez Ziluaga

Deception Island
Xabier Artola

Javier Rojo

Ihes ederra
Hedoi Etxarte / Alain M. Urrutia

Felipe Juaristi

Aldaira urdinak
Edu Zelaieta

Mikel Asurmendi

Zureak egin du
Iñaki Friera

Gema Lasarte

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Bixente Serrano Izko

Sinesmenak eta usteak
Agustin Arrieta-Urtizberea

Beñat Sarasola

Artxiboa

Uztaila 2010

Ekaina 2010

Maiatza 2010

Apirila 2010

Martxoa 2010

Otsaila 2010

Urtarrila 2010

Abendua 2009

Azaroa 2009

Urria 2009

Iraila 2009

Abuztua 2009

Hedabideak

Argia (606)

El Diario Vasco (591)

El Correo (562)

Egunkaria (503)

Berria (434)

Gara (349)

Deia (211)

El País (151)

Irunero (105)

Zeruko Argia (97)

Aizu! (79)

Hegats (62)

Besterik (1015)