« Mikrokritika bat | Berridazketa ariketa »
Suminez / Philip Roth (Nagore Tolosa) / Meetttok, 2008
Estreinakoa? Ion Olano / Gara, 2009-05-22
Hainbaten ustez, azken 25 urteotan AEBetan izan den idazlerik distiratsuena da Philip Roth (Newark, 1933). Indignation izenekoa da, gaur-gaurkoz, Rothen 29 liburuetariko azkena; halaber, euskaraz irakur dezakegun estreinakoa da, baita nik irakurri diodan lehena ere. Hortaz, han-hemenka idazleari buruz entzundakoez aparte, aurreiritzirik gabe (ustez) hurbildu natzaio Suminez eleberriari. Nagore Tolosak itzultzen duen estreinako eleberria da Rothena, eta egia esan, ez da batere erronka makala.
Mutil zintzoa da Marcus, eleberriko protagonista eta narratzailea. Newarkeko familia judu batean jaiotzea egokitu zaio, ikasle aparta da eta aitarekin batera kosher harategian lan eginez makina bat kontu ikasi du: “Egin behar duzuna egiten duzu” leloa, esate baterako. 1951. urtean, hemezortzi urteren jabe, Marcus beldur da ikasketetan huts eginez gero, Koreako frontean amaituko ote duen, hilik. Horrexegatik egiten du egundoko ahalegina unibertsitatean ahalik eta notarik onenak lortzeko, arauak tentuz errespetatzeko, akatsik ez egiteko. Baina etxean, aita gero eta kezkatuago dago semearekin, beldur da hutsik txikiena egin eta galbideratuko ote den: “Nola jakingo diat ez hoala hil haitekeen lekuetara?”. Marcusek ezin duenez aitaren presioa eraman, Ohioko Unibertsitatean jarraituko ditu ikasketak. Suminak, ordea, hazten jarraitzen du han, dela gelakideengatik, dela anaidiengatik, dela Oliviarekiko harremanagatik, dela Caudwell dekanoagatik… horiek ere ezin ditu eraman. Eta besterik ezean, borroka egiten du.
“Izua, dio Bertrand Russellek, krudeltasunaren gurasoa da, eta, horregatik, ez da harritzen krudeltasuna eta erlijioa mendeetan zehar eskuz esku joan izanagatik”. Rothen eleberriko aipua da, Marcusen ahotan jarria. Izua da, hain zuzen ere, Suminez eleberriko pertsonaiak mugiarazten dituena, ekinarazten diena, baita huts eginarazten ere. Izuak gidatzen du aita, izuak bidaltzen du Marcus, izuak lotzen ditu fededunak, izuak sartu ditu AEBak Korean. Liburuaren erdialdean, Caudwell dekanoarekin biltzen da Marcus, ikasturtea hasi denetik bi aldiz aldatu delako gelaz. Dekanoa gupidagabe hasten da galdeketa egiten, Marcusen bizimoduaren xehetasunak atera nahian, eta mutilak gogor egiten dionez, eztabaida ere gogorra izatera iristen da. Pasarte hori iruditzen zait, zalantzarik gabe, ale honetako onenetariko bat. Elkarrizketak ederki daude josiak eta umore finez apainduak, idazleari nabari zaio ikasbide handia duela, baina baita estreinakoz ari denaren jolasteko ilusioa ere. Izan ere, kontakizunaren bilakaera ez da batere aurreikusgarria, jirak eta bueltak etengabeak dira. Batzuetan badirudi Roth inprobisatzen ari dela, eta bestetzuetan, dena duela ondo lotuta. Harrigarria egin zait, esate baterako, liburuaren 58. orrian narratzaileak egiten duen bira bitxia (ez dut esango zein, inor ez zapuzteko), eta orri batzuk etenaldian mantendu ondoren, nola itzultzen den ostera harira.
Estreinakoa izan da, baina ez dirudi hala. Irudipena izan dut ez dela Rothi irakurri diodan lehendabiziko eleberria, ez dela euskaraz irakur daitekeen estreinakoa, ez dela Nagore Tolosak itzultzen duen lehen liburua. Era berean, ahalegin ederra egin du Meettok argitaletxeak Indignation liburua gurera ekartzeko (gaztelaniako edizioarekin batera, ia), eta irudipena daukat ahaleginak merezi izan duela.
Goizuetan bada gizon bat
Patziku Perurena
Leire Lopez Ziluaga
Laugarrenak lau
Gabriel Korta
Igor Estankona
Ipuinak. Antologia bat
Iban Zaldua
Bixente Serrano Izko
Desira desordenatuak
Askoren artean
Beñat Sarasola
Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro
Ibon Egaña
Vikingoen sorterrira
Xabier Mendiguren
Leire Zubeldia
Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro
Felipe Juaristi
Hor hago Kevin?
Kevin Heredia
Leire Lopez Ziluaga
Deception Island
Xabier Artola
Javier Rojo
Ihes ederra
Hedoi Etxarte / Alain M. Urrutia
Felipe Juaristi
Aldaira urdinak
Edu Zelaieta
Mikel Asurmendi
Zureak egin du
Iñaki Friera
Gema Lasarte
Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro
Bixente Serrano Izko
Sinesmenak eta usteak
Agustin Arrieta-Urtizberea
Beñat Sarasola