kritiken hemeroteka

4.765 kritika

Azken kritikak

« Giza txorimaloak | Unibertsoa eskuan »

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea / Flannery O'Connor (Itziar Otegi) / Alberdania-Elkar, 2009

Irabazlerik gabeko borroka Iker Zaldua / Gara, 2009-10-23

Flannery O’Connor idazle estatubatuarraren hamar ipuin dakarzkigu Alberdaniaren eta Elkarren arteko lankidetzak. Lehenak ematen dio liburuari izenburua eta hark jartzen gaitu begiak gainerako ipuinetan iltzatzeko gogoz.

Borroka zahar bat ageri zaigu lehen ipuin horretan, artean erabaki ez dena eta aurrerantzean ere nekez ebatziko dena, ongiaren eta gaizkiaren artekoa, alegia. Oraingoan Moldakaitza eta autoz Floridara doan familia bat gurutzatuko dira bidean. Moldakaitza, espetxetik atera den balizko gaizkilea da, bere burua hala izendatzen duena, “ezin ditudalako moldatu nik egindako okerrak eta zigorrean ikusi ditudanak, bat etor daitezen”. Familiaren ordezkari gisa amona ageri da, Floridara joan nahi ez duen berekoi zintzoa.

Istripu batek (edo patuak agian?) elkartzen ditu bata eta bestea, eta hortik aurrera hasten da borroka. Dena den, gertakariak azaleko kontu bihurtzen dira elkarrizketan txertaturiko sakontasun eta konplexutasunaren zurrunbiloan. Ongia eta gaizkia, errealitate dira, eta gizakiaren baitakoak dira biak, eta hori egia da Moldakaitzaren kasuan, eta egia da amonaren kasuan.

O’Connor andrearen aurrekoak irlandar katolikoak ziren, eta Flannery berak ederki jaso zuen eragin hori paragrafoz paragrafo argi ageri denez. Jesus maiz agertzen da bien ahotan, epaile lanak egiten bezala, baina, apika, azkenean Jesus bera da epaitua.

Gainerako ipuinak ere tenore horretan idatziak dira, lehen begi kolpean gertakari harrigarririk ez baina elkarrizketa eta gogoeta sakonak han-hemen, eta azkenean korapiloen segida askatu edo lotzeko erak gertakariak ere kutsatu egiten ditu, ondorio gisa behatuz gero, harrigarri ere izan daitezkeelarik.

Horien artean, Gezurretako Negroa eta Pertsona Deserritua azpimarratzeak merezi du. Bietan bidaiariak agertzen zaizkigu ostera, oso bestelakoak baina. Lehenengoan Head jaunak eta Nelsonek, haren bilobak, Atlanta dute jomuga. Bigarrengoan guizactarrak aurkituko ditugu, Holokaustotik ihes Ameriketako Estatu Batuetara iristen den familia poloniarra.

Aitona eta biloba hirira doaz, aitonak hiria zer den erakutsi nahi dio aldez aurretik ere ezagutzen duela ziurtatzen duen bilobari. Ikasbidea eman nahi dio, hirirako irrika lapurtu nahi dio eta “negroz” betetako eszena arriskutsu gisa aurkeztu nahi dio, gaizkiaren habia bailitzan. Guizactarrak pertsona deserrituak dira, McIntyre andrearen etxaldera iritsiak, iragana iraganean utzi eta iragan usainik izango ez duen etorkizuna amets. McIntyre andreak lanerako behar ditu haiek baina onak izan arren, ez al dago gaizki, ez ote dio, azkenean txarrik egingo pertsona deserritu saiatu batzuei lana emateak, alferrak izanagatik aberkide direnei eman barik? Hara hor, berriro borroka, ongia eta gaizkia ezpata luzeak hartuta, nor baino nor gehiago.

Erdiz patuak erdiz aitonak eragindako gertakari baten ostean, ikasbidea gauzatzen da, baina aitona da ustekabeko ikaslea, goitik behera begiratzen ohituta, “negroen” artean txiki sentitzen denean. Beste gertakari batek, oraingoan, patuaren eta McIntyre andrearen barne-borroka baten arteko itunak eragindakoa, guizactarren etorkizuna idazten dute.

Hori guztiori ezkutatzen da beraz, Itziar Otegiren itzulpenari esker euskaraz irakur daitekeen liburuan. Ongiaren eta gaizkiaren betiereko lehia eta borroka horren ondorioak, irabazlerik gabeko borrokaren alferra, alegia; indar gorena epaile dela, zelatan.

Azken kritikak

Goizuetan bada gizon bat
Patziku Perurena

Leire Lopez Ziluaga

Laugarrenak lau
Gabriel Korta

Igor Estankona

Ipuinak. Antologia bat
Iban Zaldua

Bixente Serrano Izko

Desira desordenatuak
Askoren artean

Beñat Sarasola

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Ibon Egaña

Vikingoen sorterrira
Xabier Mendiguren

Leire Zubeldia

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Felipe Juaristi

Hor hago Kevin?
Kevin Heredia

Leire Lopez Ziluaga

Deception Island
Xabier Artola

Javier Rojo

Ihes ederra
Hedoi Etxarte / Alain M. Urrutia

Felipe Juaristi

Aldaira urdinak
Edu Zelaieta

Mikel Asurmendi

Zureak egin du
Iñaki Friera

Gema Lasarte

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Bixente Serrano Izko

Sinesmenak eta usteak
Agustin Arrieta-Urtizberea

Beñat Sarasola

Artxiboa

Uztaila 2010

Ekaina 2010

Maiatza 2010

Apirila 2010

Martxoa 2010

Otsaila 2010

Urtarrila 2010

Abendua 2009

Azaroa 2009

Urria 2009

Iraila 2009

Abuztua 2009

Hedabideak

Argia (606)

El Diario Vasco (591)

El Correo (562)

Egunkaria (503)

Berria (434)

Gara (349)

Deia (211)

El País (151)

Irunero (105)

Zeruko Argia (97)

Aizu! (79)

Hegats (62)

Besterik (1015)