kritiken hemeroteka

4.765 kritika

Azken kritikak

« Poetaren ofizioa | Parodia mingotsa »

Londres kartoizkoa da / Unai Elorriaga / Elkar, 2009

Zer da konplikatua? Iban Balerdi / Gara, 2009-10-30

Lau urteren buruan jada gure artean dugu Unai Elorriagaren lan berria. Garai eta toki zehatz batean kokatu gabe, diktadurek uzten dituzten arrastoez dihardu idazle algortarrak bere laugarren nobela honetan. Ez da ordea, narrazio konbentzionala.

Egitura aldetik, liburua lau zatitan dago banatuta, eta horietako hirutan istorioa teilatu baten gainean kokatzen da. Lehen bertan egiten ziren herritarren batzarrak, eta orain ere, toki berean elkartzen dira Phineas, Musone, Bleuler eta Datos lagunak, hor goitik tren geltokia eta errepidea hobeki ikusten dira-eta. Era horretan, aspaldi desagertu zen baina itzuli behar omen den Phineasen arreba Soraren zain daude. Honez gain, bestelako nahi eta grinak ere badituzte, diktadurak eragindako krudelkeria eta desagerpenak argitzea, besteak beste. Lau medikuk idatzitako txostenen grabaketak lortu beharko dituzte horretarako.

Liburuaren lau zatietatik bigarrenak, aldiz, toki konkretu batera garamatza (Londres eta inguruak), hilketa baten ikerketa-jolasaren atzetik. Gainontzeko hiru zatien kontrapuntua dugu hau, Londres bera hiriburu zabal eta anitza den heinean, aurreko giro itogarritik ihes egiteko aukera eskaintzen baitigu. Aldaketa hau nahasgarria suertatu daiteke irakurlearentzat, baina aurrera eginez gero, apurka-apurka loturak agertu eta guztia nola iruten den ikusiko du. Apika modu perfektuegian.

“Baina nor da Mitrofan? Zer da Mitrofan? Zertarako hitz egin behar da hainbeste Mitrofani buruz? Mitrofan esplikatzea oso erraza da. Videla bezala, Mengele bezala, Pol Pot bezala, errege familiak bezala, Ceaucescu bezala… Beti da gauza bera…”

Diktadoreak eta berauen jokaerak unibertsalak dira, baita sortzen dituzten beldur, isiltasun edota zalantzak ere. Hau guztia oso ondo girotuta dagoela uste dut. Esaldi motzek, erdizka egin edo egin gabeko galderek, kolorerik gabeko hitzek (administrazioa, erakundea, agenteak, teknikak)… tentsioa eta beldurra gailentzen diren ingurua erakusten digute. Mundu guztiak dakiena, herriko batzuek gogoratzen dutena, kalean entzuten dena. Ziurtasun ezak eta gertatutakoei buruz gehiago jakiteko gogoak bultzatzen ditu protagonistak teilatuetan mugitzera (goitik ez dira gauzak berdin ikusten), etengabe presente dauden istorio pertsonalekin batera.

Hizkera erraza darabil idazleak, nahiz eta nobela bera erraza ez izan. Oharkabean orrialdeak atzean uzten zoazen moduan, aurrera azkarregi egin duzulako sentsazioa nabaritu, eta konturatzen zara agian liburuak beste irakurketa bat ere merezi duela. Muturretik muturrera dabilela esango nuke, sinplea eta konplikatua, zintzoa eta gaiztoa, argia eta iluna… absurdo bihurtzeraino (”Credo quia absurdum. Absurdoa delako sinesten dut”). Izan ere, gauzak ez dira erabat alde batekoak edo bestekoak, ez dira guztiz beltzak edo zuriak; eta honek, zenbaitetan ekintzak ulertezin bilaka ditzake.

Bizitza ematera joan da azken eleberri honekin Unai Elorriaga, zuzen eta tinko. Hala irakurri diogu elkarrizketaren batean. Oso estilo markatua zuela, eta liburua berea zela arinegi igartzen omen zuten kritikariek. Bada, oraingo honetan neu behintzat harritu nauela aitortu behar dut. Aldatzeak beti dakar arriskua, baina aldaketarik ezean ez dago eboluziorik.. Eta ez du biderik samurrena aukeratu.

Azken kritikak

Goizuetan bada gizon bat
Patziku Perurena

Leire Lopez Ziluaga

Laugarrenak lau
Gabriel Korta

Igor Estankona

Ipuinak. Antologia bat
Iban Zaldua

Bixente Serrano Izko

Desira desordenatuak
Askoren artean

Beñat Sarasola

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Ibon Egaña

Vikingoen sorterrira
Xabier Mendiguren

Leire Zubeldia

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Felipe Juaristi

Hor hago Kevin?
Kevin Heredia

Leire Lopez Ziluaga

Deception Island
Xabier Artola

Javier Rojo

Ihes ederra
Hedoi Etxarte / Alain M. Urrutia

Felipe Juaristi

Aldaira urdinak
Edu Zelaieta

Mikel Asurmendi

Zureak egin du
Iñaki Friera

Gema Lasarte

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Bixente Serrano Izko

Sinesmenak eta usteak
Agustin Arrieta-Urtizberea

Beñat Sarasola

Artxiboa

Uztaila 2010

Ekaina 2010

Maiatza 2010

Apirila 2010

Martxoa 2010

Otsaila 2010

Urtarrila 2010

Abendua 2009

Azaroa 2009

Urria 2009

Iraila 2009

Abuztua 2009

Hedabideak

Argia (606)

El Diario Vasco (591)

El Correo (562)

Egunkaria (503)

Berria (434)

Gara (349)

Deia (211)

El País (151)

Irunero (105)

Zeruko Argia (97)

Aizu! (79)

Hegats (62)

Besterik (1015)