kritiken hemeroteka

4.765 kritika

Azken kritikak

« Errukia eta erospena | Poliziatan jolasten »

Lagun armatua / Raul Zelik (Edorta Matauko) / Txalaparta, 2009

Sarrionandiari gorazarre Leire Zubeldia / Gara, 2009-11-13

Egia esatera, Lagun armatua liburua eskuetara iritsi arte ez nuen Raul Zelik idazle alemaniarraren berri. Euskaldunok badugu bera ezagutzeko arrazoirik, ordea: Europaren bihotzean bizi eta idatzi arren, Euskal Herriarekin harreman estua du. Lotura horren fruitua izan zen Petra Elser-ekin batera egin zuen Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua nobelaren alemanerako itzulpena. Urte berean argitaratu zuen Der bewaffnete Freund eleberria, Edorta Mataukoren itzulpenari esker, Lagun armatua izenburuarekin iritsi zaigun hauxe.

Alex da istorio honetako protagonista. Lan kontuengatik X hirira (Bilbora) itzuliko da. Bertako lekuek, kantuek, lagunek… bere iraganera itzularaziko dute; eta batez ere, Alexen iragana Zubieta da. Iraganeko adiskide honek Joseba Sarrionandiari kartzelatik ihes egiten lagundu zion. Ekintza honek deserrian bizitzera kondenatu zuen Zubieta. Alexek ezusteko handia hartuko du Zubietaren izena prentsan irakurtzen duenean. ETAko buruzagitzat jotzen dute. Ezustekoa handiagoa izango da Zubietari penintsula zeharkatzen laguntzeko eskaria jasotzen duenean. Irizpide ideologiko eta politikoak alde batera utzita, Alexek aspaldiko adiskideari laguntzea erabakiko du.

Zubieta eta Alexek egiten duten zeharkaldia da narrazioaren ardatza. Baina ildo narratiboaren oinarrian, egileak laguntasunari buruz egiten duen hausnarketa dago. Zer da laguna izatea? Adiskidetasuna edozein gauzaren gainetik al dago?

Zubietarekin elkartu eta zeharkaldia abiatzen dutenean hasten da istorioa mamitzen. Une honetatik aurrera pizten da intriga eta jakin-mina irakurlearengan. Ordurako ordea, irakurleak liburuaren erdia irakurria du. Lehenengo kapituluetan pertsonaia eta bere testuingurua aurkezten du idazleak. Rabee mutil lagunarekin, Hanna alabatxoarekin, honen ama Katharinarekin, eta Armin, Katharinaren aitarekin duen harremana azaltzen da funtsean. Zalantzarik gabe pasarte garrantzitsuak dira, irakurlea istorioan kokatzen baitute. Baina luzeegia egiten da.

Liburu honek alderdi askotatik harritu nau. Harrigarria egin zaidan ezaugarrietako bat, Zelikek Sarrionandiari eta Lagun izoztua eleberriari egiten dion gorazarrea da. Istorioan zuzenean parte hartzen ez badu ere, Sarrionandia eleberriaren giltza da. Eragina izango du Alexek Zubietari laguntzeko hartzen duen erabakian.

Harritzeko modukoa da bestalde, egileak zeinen ondo ezagutzen dituen Euskal Herriko gatazka politikoa eta bere ondorioak. Distantziaz baliatuz, era ausartean ematen du bere iritzia. Egiten dituen deskribapenengatik begi bistakoa da Bilbo eta bere inguruak ere oso ondo ezagutzen dituela.

Der bewaffnete Freund eleberria alemanez idatzitako liburu onenaren saria jasotzeko hautagaien artean egon zen 2005ean. Ez dakit, Euskal Herrian kokatutako istorio batek Alemanian halako harrera izatea harritzekoa den ala ez. Baina aitortu behar da, Raul Zelikek, nahita edo nahi gabe, lan egin duela Euskal Herriko gatazka alemaniarrei gerturatzen. Euskaldunontzat ere liburu interesgarria dela iruditzen zait, batez ere, Euskal Herrian bizi dugun gatazka kanpotik begiratzen duten begiekin nola ikusten den erakusten duelako.

Azken kritikak

Goizuetan bada gizon bat
Patziku Perurena

Leire Lopez Ziluaga

Laugarrenak lau
Gabriel Korta

Igor Estankona

Ipuinak. Antologia bat
Iban Zaldua

Bixente Serrano Izko

Desira desordenatuak
Askoren artean

Beñat Sarasola

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Ibon Egaña

Vikingoen sorterrira
Xabier Mendiguren

Leire Zubeldia

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Felipe Juaristi

Hor hago Kevin?
Kevin Heredia

Leire Lopez Ziluaga

Deception Island
Xabier Artola

Javier Rojo

Ihes ederra
Hedoi Etxarte / Alain M. Urrutia

Felipe Juaristi

Aldaira urdinak
Edu Zelaieta

Mikel Asurmendi

Zureak egin du
Iñaki Friera

Gema Lasarte

Gizakiaren minak
Karlos Linazasoro

Bixente Serrano Izko

Sinesmenak eta usteak
Agustin Arrieta-Urtizberea

Beñat Sarasola

Artxiboa

Uztaila 2010

Ekaina 2010

Maiatza 2010

Apirila 2010

Martxoa 2010

Otsaila 2010

Urtarrila 2010

Abendua 2009

Azaroa 2009

Urria 2009

Iraila 2009

Abuztua 2009

Hedabideak

Argia (606)

El Diario Vasco (591)

El Correo (562)

Egunkaria (503)

Berria (434)

Gara (349)

Deia (211)

El País (151)

Irunero (105)

Zeruko Argia (97)

Aizu! (79)

Hegats (62)

Besterik (1015)