kritiken hemeroteka

6.135 kritika

Azken kritikak

« Korapiloak (des)lotzen | Historia aldatuz »

Carlos esaten zioten gizona / Pedro Alberdi / Alberdania, 2009

Zer da errealitatea eta zer fikzioa? Mikel Asurmendi / Irunero, 2010-01

Satorrak baino lurperago (2001) saioaren bidez frankismoko azken bi hamarkadako bizipenak eta gertaerak kontatu zituen Pedro Alberdi idazleak. Carlos esaten zioten gizona haren segida da nolabait. Azken honekin 2006ko Miguel de Unamuno VIII. Saria irabazi zuen. Alberdania argitaletxearen eskutik plazaratu zuen iaz. Alberdik saiakera saria irabazi zuen, alta bada, Alberdaniak Narrazio sailean kaleratu du. Horra hor literaturaren inguruan sorrarazi ohi den kontrobertsietako bat.

Bixente Serrano Izkok Autofikzio bat historiara izenburuko kritika egin dio liburuari. Neronek pertsona zenbaiten bizi-esperientzia fikzionatua jaso dut liburuaren bidez. Hori horrela, nobela bat irakurri dut. Esan dezadan liburua saio nobelatua dela.

Satorrak baino lurperago liburuaren segidako liburua dela esan dut, hots, egileak gai, giro, idatz tankera eta erregistro antzekoak landu eta erabili dituela. Alabaina, Carlos delakoan 1960ko gizartearen —taldeen edota koadrilen— erretratu egiteaz beste, Alberdik ETAko militante batzuek bizi zituzten pasadizoak narratu egin ditu, pertsona baten esperientziaren ikuspuntutik narratu ere, pertsona Mario Onaindia nahiz Carlos —Onaindia militante klandestinoaren izengoitia— izaki.

Mario Onandia ETAko militante gisa hasi eta espetxean bukatu zen arte agertzen da liburuan. Haur nahiz gazte garaiko bere bizitzaren hainbat pasarte ere kontatu ditu egileak.

Idazle saiatua eta zehatza da Alberdi. Carlos liburuan errealitatea fikzioaren bidez agertzeko bere-berezko trebezia agertu du atzera ere. Zilegi bekit literatura egiteko duen hautu hori, hau da, saioaren bidez historiako pasadizoak modu nobelatuan narratzeko modua, hots, helezina den errealitatea, fikzioaren bidez iradokitzeko moldea.

Serrano Izkori, antza, ez bide zaio “egokia” iruditu egileak Mario Onaindiaren Grand Placen aurkituko gara nobela eta El precio de la libertad autobiografia erabiltzea saio bat egiteko. Neronek ez dut ez liburu bat ez bestea irakurri, eta egia esan ez dakit nola hartuko nuen saiakera hau besteak irakurri izan banitu. Ziur aski, Serrano Izkoren kasua ezberdina da, bi liburuak irakurri dituelako eta Mario Onaindia eta Carlos ezagutu zituelako.

Nik liburu hau estimatzen dut, biziki estimatu ere, bizpahiru arrazoiengatik. Lehenik: oso ongi narratuta dagoelako. Gure herriaren alde borrokatutako lagun andanaren pasadizoak eszena zinematografikoen modura agertzen dizkigulako. Gozamen hutsa egin zait pertsona bakar batzuek ez beste bizi dituzten esperientziak horren modu hunkigarrian jasotzea. Bigarrenik: —salbuespenak salbuespen, Mario Onaindia, kasu— askatasunaren bidean jardun duten ekintzaile gutxi batzuek baino ez dutelako kontatu beren esperientzia. Ez dute kontatu ezin dutelako, gauza ez direlako, edota oraindik ere askatasunaren bidean urraturiko zauriak ez zaizkielako orbaindu. Beraz, protagonistek egiten ez dutenez, bihoakio idazleari egindakoagatik —egite soilagatik— nire txaloa. Hirugarrenik: ondo ezagutzen duen errealitateaz idazten du Alberdik. Hauxe izaki idazle honen bertutetako bat.

Mario Onaindiak urratu zuen bide politikoa alde batera utzita —literatura eta herri hau interesatzen zaizkit uneon— Carlos izeneko ETAko kide izan zenaren ibilerak ezagutu izanak bete nau. Bestelako kontuak dira protagonistak garatu zuen bide politikoa edota askatasunera bidean itota ez amaitzeko aurkitu zituen ihesbidearen zergatiak.

Herri honen historia oso-oso tristea da. Ez dut imajinatzen Carlosekin batera askatasunaren bidean aritu ziren beste militanteak Bilboko Artekalen txikitoak elkarrekin hartzen, poteatzen alegia. Alberdik berak narratutako eszena onenak —fikzio zoragarrienean— ez ninduke liluratuko. Ez litzaidake sinesgarria izango. Pena da gero! Nire azken aburu hau literaturaz harago dago edota honago dago, baina zer da errealitatea eta zer fikzioa?

Azken kritikak

Kapital publikoa
Jose Luis Otamendi

Hasier Rekondo

50
Patxi Zubizarreta

Iraitz Urkulo

Harrotasuna eta aurrejuzkuak
Jane Austen

Amaia Alvarez Uria

Errateko nituenak
Pello Salaburu

Javier Rojo

50
Patxi Zubizarreta

Mikel Asurmendi

Beltzuria
Ixiar Rozas

Ignazio Aiestaran

Arma, tiro, bammm!
Joan Mari Irigoien

Saioa Ruiz Gonzalez

Zure hatzaren ez galtzeko
Itxaro Borda

Igor Estankona

Arantzak barrurantz
Xabier Mendiguren Elizegi

Javier Rojo

Plazeraren gau ilunekoak
Francis Scott Fitzgerald

Iraitz Urkulo

Larremotzetik
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Su zelaiak
Mikel Peruarena Ansa

Joxe Aranzabal

Urari ostutako poemak
Pako Aristi

Igor Estankona

Borrokaren kluba
Chuck Palahniuk

Iraitz Urkulo

Artxiboa

Azaroa 2014

Urria 2014

Iraila 2014

Abuztua 2014

Uztaila 2014

Ekaina 2014

Maiatza 2014

Apirila 2014

Martxoa 2014

Otsaila 2014

Urtarrila 2014

Abendua 2013

Hedabideak

Argia (776)

El Diario Vasco (753)

Berria (715)

El Correo (684)

Egunkaria (505)

Gara (491)

Deia (307)

El País (151)

Irunero (122)

Aizu! (122)

Zeruko Argia (97)

Egin (77)

Hegats (62)

Besterik (1273)